Bexen Cardiok kardiobabesaren merkatuko lidergoari eutsi dio, subiranotasun teknologikoaren aldeko apustua indartuz

  • MONDRAGON Health aliantzako kooperatibak gaitasun teknologiko berriak eskuratu ditu eta proiektu estrategikoen gidaritzan jarraitzen du Madrilen, Burgosen eta larrialdien eremuan, ingurune seguruak bermatzeko.

Datorren martxoaren 14an Arrisku Kardiobaskularra Prebenitzeko Europako Eguna ospatuko da. Funtsezko hitzordua da ohitura osasungarrien garrantziaz kontzientziatzeko eta larrialdi kritikoei erantzuteko prestaketa bultzatzeko. Testuinguru honetan, Bexen Cardiok —MONDRAGON Health aliantzako kooperatiba eta estatu mailako desfibriladoreen fabrikatzaile bakarrak— kardiobabesarekiko konpromisoa sendotu du, espazio publikoetan, profesionaletan zein ospitaleetan bizitzak salbatzeko diseinatutako teknologia hedatuz.

“Minutu bakoitza erabakigarria da” premisari jarraituz, kooperatibak udalerriak, espazioak eta larrialdi-zerbitzuak ingurune seguru eta prestatu bihurtzeko lanean jarraitzen du. Azken mugarrietako bat Burgosko Aldundiak bultzatutako proiektu esanguratsua da, 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan segurtasuna indartzeko xedea duena. Horren baitan, Bexen Cardiok dagoeneko 304 Reanibex 100 desfibriladore erdiautomatiko instalatu ditu probintziako 124 udalerritan eta 168 toki-erakundetan.

Hedapen honek, ekipamendu fisikoa ez ezik, osasun-langileak ez direnentzako prestakuntza-zerbitzu integrala ere barne hartzen du. Horrela, landa-eremuko biztanleriak bihotz-biriketako geldialdi baten aurrean berehala jarduteko beharrezko tresnak eta ezagutza izango dituela bermatzen da, batez ere ospitale-zentroetatik urrun dauden guneetan.

Ildo beretik, Alcobendas Hiri Kardiobabestua programak Reanibex 100 modeloko 24 gailu berri gehitu ditu, eta guztira 315 ekipo ditu estrategikoki banatuta. Gailu horiek urrutiko monitorizazioa dute eguneko 24 orduetan; berrikuntza teknologiko horri esker, uneoro bermatzen da gailuak erabilgarri daudela eta egoera ezin hobean funtzionatzen dutela.

Nazioko fabrikazioa eta egokitzeko gaitasuna, burujabetza teknologikoaren bultzatzaile

Erabilgarritasuna hobetzeko eta industria-lidergoa sendotzeko asmoz, Bexen Cardiok software egunerazio berria aurkeztu du Reanibex 100 gailurakohizkuntza-botoiaren funtzionaltasuna gehituta. Ezaugarri horri esker, botoia sakatu ahala, ekipoak konfiguratutako hizkuntzen artean (hiru gehienez) aldatzen du modu errazean. Horrela, hizkuntza-hesiak desagertu egiten dira egoera kritikoetan, eta erreskatatzailearen lana errazten da. Gainera, bertsio honek konektibitatea optimizatzen du ROTAID armairuekin bateragarria baita, desfibriladorearen eta euskarriaren arteko komunikazio arina bermatuz.

Garapen propiorako gaitasun horrek eta berehalako erantzun teknikoak bermatzen dute Bexen Cardiok burujabetza teknologikoaren alde egindako apustua. Desfibriladoreen estatu mailako fabrikatzaile bakarra izateak konponbide fidagarriak eta hurbilak eskaintzea ahalbidetzen du, profesionalen benetako beharretara egokituta. Balio estrategiko horren adibide da Eurogaza Emergencias-ek fabrikatutako U24ren C Motako anbulantzia berrian Reanibex 800 monitore-desfibriladorea txertatu izana. Elkarlan honek osasun-teknologia bertan ekoiztearen garrantzia azpimarratzen du, ospitalez kanpoko arreta-katea optimizatzeko.

Era berean, kooperatibak entzute-aktiboko politika mantentzen du nazioarteko bazkideekin, gailuen bilakaerarekin jarraitzeko. Berriki, Safestage Medical Solutions-eko ordezkariak izan dira Bexen Cardioren instalazioetan prestakuntza praktikoa jasotzen eta Portugal bezalako merkatuetako azken-erabiltzaileen iritzia partekatzen, marka definitzen duen etengabeko hobekuntza-zikloa indartuz.

Ezagutu osasunaren arloko eta arlo soziosanitario eta bioteknologikoko irtenbide berritzaile gehiago MONDRAGON Health-en.