‘Bexen Eguna’ ospatu du Bexen Cardiok
‘Bexen Eguna’ da Bexen Cardio kooperatibaren egun handia, langileek taldean gozatzeko eta batera disfrutatzeko aukeratzen duten eguna. Aurten Bastidako Solagüen Upetegian egin dute ospakizuna.
Lan talde kohesionatua askoz indartsuagoa da, askoz eraginkorragoa lanean eta ausartagoa zein lehiakorragoa. Ideia hori oinarri hartuta hasi zen ospatzen Bexen Cardio kooperatibaren eguna, bere ‘Bexen Eguna’ eta aurten Arabar Errioxa aukeratu dute ospakizuna burutzeko, Bastidako Solagüen Upetegia, hain justu ere.
Bastidako Jatorrena Jatetxean gosaldu zuten, eta bertan izan zuten gehienek eguneko egitarauaren berri. Lehenik eta behin, ginkana erraldoia egin zuten Bastidako kaleetan zehar. Herritarren sorpresarako, Bexen Cardioko langileek herriko kaleak zeharkatu zituzten, ginkana dibertigarrian, eta herriaren historia eta iragana ezagutzeko aukera ere izan zuten. Ondoren, Solagüen Upetegira abiatu ziren, bisita gidatua egiteko eta ardoak dastatzeko. Gustura aritu ziren guztiak, bertatik bertara, upetegiko bazterretan.
Dastaketaz gozatu ondoren, bazkariaren txanda izan zen, oso errioxarra guztia: patatak errioxar erara, odolostea eta bidots txuletilak.
Konfiantzazko momentua
Bexen Cardioren helburua da lankidetasuna sustatzea, bulegotik eta lantokitik alde egin eta konfiantzazko gune eta momentua sorraraztea. Hala, Bexen Cardiokoa izatearen harrotasuna indartu nahi da. Eta helburu horretan, ‘Bexen Cardio’ egunak garrantzi gero eta handiagoa du. Aurtengoa gozatuta, Errektore Kontseilua hasi da dagoeneko datorren urtekoa prestatzen.