Gaztela eta Leongo SIVI Klusterrak MONDRAGON Health bisitatu du
Elkarteko ordezkariak aliantzako kooperatibekin bildu dira Otaloran esperientziak partekatzeko eta lankidetza-puntuak identifikatzeko.
Bizitza independenterako irtenbide teknologiko berritzaileak garatzen dituen Gaztela eta Leongo SIVI Klusterrak jardunaldi batean parte-hartu du MONDRAGON Healtheko kooperatibetako ordezkariekin, euskal aliantza barrutik ezagutzeko. MONDRAGONeko Zuzendaritza eta Kooperatiba Garapenerako Zentroan, Otaloran, egindako topaketak bi erakundeen arteko lankidetza puntuen bilaketa sustatu du.
Jardunaldia hasteko Coprecira egindako bisita batekin hasi da, sektore soziosanitarioari zuzendutako INNTRO indukzio-sukalde berria bertatik bertara ezagutzeko. Ondoren, esperientziak trukatzeko saio bat egin da Otaloran, eta SIVI Klusterreko eta MONDRAGON Healtheko kooperatibetako ordezkariek puntu komunak identifikatu dituzte lankidetza-ildo berriak taxutzeko. Eguna amaitzeko, MONE espazioan zehar egindako ibilbide batek Arrasateko esperientzia kooperatiboan murgiltzeko aukera eman du, Ander Etxeberria MONDRAGONeko zabalkunde kooperatiboko arloko arduradunaren eskutik.
SIVItik Montse Fernández Chimente gerenteak, Laura Sáez Mata teknikariak, César Pardo Hervella teknikariak, Pablo Gomez presidenteak, Pablo Viñas CARTIFeko ordezkariak eta César Merino Sánchez ITCLko ordezkariak parte hartu dute. Beraiekin batera izan dira, Bexen Cardio, Bihar Homecare, Stirling Zentroa, Copreci, Gerodan, Fagor Healthcare, LKS Next eta MONDRAGON Zentro Korporatiboa bezalako kooperatibetako ordezkariak.
Hamarkada bat bizimodu independentea bultzatzen
Elkarteak hamarkada bat beteko du aurten zahartze aktibo eta osasungarriaren, osasun mentalaren eta bizitza independentearen alorretan soluzio teknologiko berritzaileak diseinatu, garatu eta aplikatzen. 80 enpresa, erakunde, fundazio eta adinekoen egoitza-zentro inguru ditu bazkideen artean.
Sektore anitzeko klusterra da, eta, horri esker, berrikuntza-proiektu baten etapa guztiak bete ditzake: kontzepzioa, diseinu eta garapenetik hasi, eta aplikazio-kolektiboetan probak egitera, emaitzak ustiatzera eta merkaturatzera heldu arte. Hala, Gaztela eta Leongo IKT eta asistentzia-sanitario sektoreen lehiakortasuna bultzatu nahi du, eta enpresen arteko lankidetza sustatu, desgaitasunean eta mendekotasunean soluzio berritzaileak aurkitzeko.