Gerodan MONDRAGON Health aliantzaren bederatzigarren kooperatiba izango da
MONDRAGON Healthek, irailaren batetik aurrera, Korporazioko bederatzi kooperatibaren soluzioak eta zerbitzuak batzen ditu, Gerodan sartu ondoren. MONDRAGONen osasunaren arloko aliantza nagusiaren helburua da aukerak biderkatzea proiekzio handia duten sektoreetan, hala nola osasunean, soziosanitarioan eta bioteknologikoan.
Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar Homecare, ERREKA, Fagor Healthcare, GSR, Gerodan, Osarten eta LKS Next kooperatibek bat egiten dute dimentsioa eta errekonozimendua irabazteko, eta, aldi berean, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko, elkarren arteko lankidetzaren bidez, osagaien ekoizpenetik hasi eta katalogoraino, aurrez adierazitako eremuetan. 2.000 pertsona baino gehiago enplegatzen dituen aliantza estrategikoa da.
Gerodanek irtenbide eta zerbitzu integralak eskaintzen ditu eremu soziosanitarioan eta hoteletan. Mendeko pertsonei edo desgaituei egokitutako altzariak diseinatu eta ekoizten ditu, eta hotel-egonaldiez gozatu nahi duten autonomoei egokitutako altzariak.
Espainia, Frantzia eta Erresuma Batua
Gerodan MONDRAGON Healthen bederatzigarren kooperatiba da, eta MONDRAGON Hospitality klusterrean ere parte hartzen du, hotelen sektorean irtenbide integralak eskainiz. MONDRAGON Korporazioko Ekipamendu Dibisioaren parte da eta 10 pertsona enplegatzen dituen kooperatiba da. 2004ko urrian sortu zen eta ekipamendu geriatrikoan, hoteletan eta bulegoetan aditua da.
Azpeitiko egoitza nagusitik bi merkatutan jarduten du nagusiki, Estatu espainiarrean eta Frantzian. Gainera, Erresuma Batuko zenbait operaziorekin hasi da hedatzen.
Posizioa indartzea
MONDRAGON Healthen integrazioak merkatu berrietara sartzeko aukera eskainiko dio Gerodani, eta, aldi berean, markaren irudia indartuko du. Juan Larrañaga kooperatibako zuzendari nagusiarentzat, “Gerodanek bere ezagutza guztia eskainiko du, batez ere hirugarren adinekoen egoitzen ekipamenduan, baina baita osasunaren arloko proiektu berrietan ere”.