MONDRAGON Healthek talentu gaztea eta osasunaren nahiz zaintzaren etorkizunari buruzko eztabaida bultzatu ditu INPAKTUDAY jardunaldian

Osasun-arretaren eta zaintzaren etorkizuna ezinbestean lotuta dago sortzen ari den ikerketa-talentua eta enpresen gaitasun industriala batzearekin. Ikuspegi horri jarraituta, MONDRAGON Healthek atzo, azaroak 26, MONDRAGON Korporazioak sustatutako INPAKTUDAY 2026 foroan parte hartu zuen. Oraingoan Gasteizen eta «Erronka errealak, talentu gaztea, eragin partekatua» lelopean egindako topaketan, aliantzak bi eginkizun estrategiko izan zituen: unibertsitate-ikerketa bultzatzea TFG-TFM MONDRAGON Sarien bitartez, eta osasunaren eraldaketa teknologiko zein asistentzialari buruzko eztabaida gidatzea.

Osasunaren eta zaintzaren arloko ikerketaren aitortza

Ekitaldian, aliantzak Osasunaren eta Zaintzaren Eraldaketarako MONDRAGON Health Saria banatu zuen; osasunaren, zaintza soziosanitarioen eta bioteknologiaren esparruetako berrikuntza-proiektuei zuzendutako kategoria, hain justu. Lan finalisten aurkezpenen ondoren, MONDRAGON Healtheko presidente Manuel Sánchez Lagarejok eta presidenteorde Klaudia Luquitak banatu zituzten aurtengo sariak.

Lehen saria Judit González Prolek eskuratu zuen, «Desarrollo y optimización de un flujo de aprendizaje por refuerzo para el diseño de novo de inhibidores de dianas terapéuticas de cáncer» lanari esker. Epaimahaiak nabarmendu zuenez, proiektuak adimen artifiziala baliatzen du egungo tratamenduei erantzuten ez dieten minbiziei aurre egiteko proteina berrien diseinua bizkortu eta hobetzeko. Lanaren ekarpen nagusia da proteina eraginkorrak bilatzeaz gain, egonkorrak, seguruak eta etorkizunean sendagai bihurtzeko modukoak ere bilatzen dituela; hartara, garrantzi kliniko handiko erronka bati aplikatzen dio teknologia, paziente onkologikoen bizi-kalitatea hobetzeko ahalmenarekin.

Bigarren saria, berriz, María Muñoz Luñorentzat izan zen, «Nanoestructuras de DNA autoensambladas como nanotransportadores para terapia génica» proiektuagatik. Balorazioan, epaimahaiak azpimarratu zuen ikerketak gaur egungo bihotz-alterazio ohikoenetako bati heltzen diola, fibrilazio aurikularrari, alegia, eta gaixotasunaren lehen faseetan eragiteko gai diren DNA nanoegituretan oinarritutako estrategia terapeutiko berriak proposatzen dituela; horrekin batera, garapenaren zabaltasuna eta maila bikaina goraipatu zituen.

Sektorea aztertzeko elkarrizketak

Sari-banaketaz harago, MONDRAGON Healtheko kooperatibetako ordezkariek goizeko saioan antolatutako bi solasalditan parte hartu zuten, ekosistemaren berehalako erronkak aztertzeko. Alde batetik, Luis Huicik (Embega Healthcare) eta Lucía Gogenolak (GSR) zaintza etxera eramateko trantsizioaz jardun zuten, eta etxez etxeko arreta-ereduen bilakaera aztertu zuten ikuspegi bikoitzetik, alderdi asistentziala eta garapen teknologikoa uztartuz.

Era berean, hainbat arlo estrategiko jorratu ziren areto tematikoetako programazio paraleloaren barruan. Aliantzak osasunaren eta zaintzaren esparruari buruzko gunea koordinatu zuen. Areto horretan, Silvia Almarazek (Bexen Cardio) solasaldia gidatu zuen Aitor Morenorekin (LKS Next) eta Óscar Milletekin (CIC bioGUNE); bertan, adimen artifizialak eta konputazio kuantikoak prebentziozko medikuntzaren etorkizunean duten eraginaz aritu ziren adituak, abangoardiako teknologia horiek diagnostiko goiztiarra eta arreta pertsonalizatua nola eraldatzen ari diren aztertuz.

INPAKTUDAYren edizio honetan parte hartuta, MONDRAGON Healthek berretsi egin du sortzen ari den ikerketa-talentua eta bere kooperatiben gaitasun industrial zein teknologikoa lotzeko konpromisoa, osasunaren eta zaintzaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzun egokia emateko.