MONDRAGON Healthek MEDICAn parte hartuko du, osasun-teknologian erreferentziazko nazioarteko azokan

  • MONDRAGONeko osasun arloko kooperatibak Düsseldorfera joango dira azaroaren 17tik 20ra, teknologia medikoan eta osasun irtenbideetan egindako azken berrikuntzak ezagutzera emateko.

MONDRAGON Health MEDICA azokaren 2025ko edizioan egongo da. Medikuntza-industriaren munduko ekitaldirik handiena da eta Düsseldorfen (Alemania) izango da azaroaren 17tik 20ra bitartean. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen azoka honek 70 herrialde inguruko milaka erakusketari biltzen ditu urtero, eta funtsezko topagunea da adituentzat, ikertzaileentzat, enpresentzat eta osasunaren sektorean erabakiak hartzen dituzten arduradunentzat.

MONDRAGON Health MEDICAn egotea bere nazioartekotze eta ikusgarritasun estrategiaren barruan kokatzen da, osasun-teknologiaren ekosistema globalaren parte izateko helburuarekin. Oraingo honetan, standa partekatuko dute aliantza osatzen duten Bexen Cardio, Bexen Medical eta Erreka kooperatibek, baita Leartikerrek eta MC3k ere. Guztiak health eremuan jarduera nabarmena duten MONDRAGONeko kooperatibak dira.

MONDRAGON Health 15. Hall-ean egongo da, G18-1 standean, FENIN Osasun Teknologiako Enpresen Espainiako Federazioak kudeatzen duen gunearen barruan. Kokapen horrek aukera emango die kooperatibei Estatuko beste enpresa eta erakunde batzuekin agertokia partekatzeko, ekosistema kooperatiboan garatutako irtenbide berritzaileen ikusgarritasuna indartuz.

Bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte kooperatiba bakoitzaren proposamenak. Bexen Cardiok bere soluzioak aurkeztuko ditu desfibriladore eta kardiobabes-sistemetan, erabilera publikorako zein ospitalerako edo larrialdietarako; Bexen Medicalek bere produktu-sorta erakutsiko du, ospitaleko kontsumigarrietatik hasi eta urologia, oftalmologia edo ginekologiarako materialetaraino; Errekak gailu mediko eta diagnostikoetarako polimeroetan oinarritutako osagaiak fabrikatzeko duen gaitasuna ezagutaraziko du; Leartikerrek bere jarduera partekatuko du gailu medikoetan erabiltzeko material polimeriko biobateragarri berrien ikerketan eta garapenean; eta MC3k elektronika malguari, biosentsoreei eta mikrofluidikoari aplikatutako berrikuntzan dituen gaitasunak aurkeztuko ditu.

MEDICA 2025en parte hartuz, MONDRAGON Healthek lankidetzan eraikitako berrikuntzarekin eta nazioarteko proiekzioarekin duen konpromisoa indartzen du. Horrekin batera, kooperatiben balioa sendotzen du, bizi-kalitatea hobetzen duten eta osasun-sektorearen eraldaketan aurrera egiten laguntzen duten soluzio teknologikoak garatzeko duten gaitasuna azpimarratuz.Ezagutu osasunaren arloko eta arlo soziosanitario eta bioteknologikoko irtenbide berritzaile gehiago MONDRAGON Health-en.