MONDRAGON Healthek nazioarteko proiekzioa indartu du MEDICA Düsseldorf azokan, lau kooperatibaren eskutik
MONDRAGON Healthek arrakastaz itxi du MEDICA 2026 azokan izandako parte-hartzea. Teknologia medikoaren sektorean mundu mailako erreferente den topaketa hau Düsseldorfen (Alemania) ospatu da azaroaren 16tik 19ra. Aliantzak stand propioarekin egin dio aurre nazioarteko hitzordu estrategiko horri, eta bertatik osasun- nahiz bioteknologia-arloetarako dituen gaitasun integralak erakutsi ditu, ekosistema osatzen duten hamar kooperatiben industria-potentziala uztartuz.
Aliantzaren erakusketa-gunean Bexen Cardio eta Bexen Medical kooperatiben soluzio aurreratuak izan dira protagonista nagusiak. Alde batetik, Bexen Cardiok Reanibex gama aurkeztu du; bertan, kardioprotekzio publikorako ekipoetatik hasi eta ospitaleko monitorizazio aurreratura bitarteko gailuak biltzen dira. Estatuko desfibriladore-fabrikatzaile bakarra da Bexen Cardio, eta 90.000 ekipo baino gehiago ditu martxan ehun herrialde baino gehiagotan. Bestetik, Bexen Medicalek erabilera bakarreko osasun-materialean eta bioprozesuetan (nutrizio parenterala eta enterala, infusioa eta bioteknologia) duen 48 urtetik gorako esperientzia zabala erakutsi du. Ibilbide hori bermatzeko, ISO 7 klaseko 1.000 m²-tik gorako gela zuriak ditu kooperatibak.
Aliantzako beste bi enpresak, Erreka Medicalek eta Embega Healthcarek ere, zuzenean parte hartu zuten Alemaniako azokan, nork bere stand propioarekin, ekosistema kooperatiboaren presentzia osatuz. Hedapen bateratu horri esker, MONDRAGON Healthek nazioarteko eragileei erakutsi die bazkide integral gisa jarduteko gaitasuna duela, diseinu kontzeptualetik hasi eta serieko fabrikazio ziurtaturaino, eta lankidetza komertzial zein teknologikorako bide berriak ireki ditu mundu mailan.


Ezagutu osasunaren arloko eta arlo soziosanitario eta bioteknologikoko irtenbide berritzaile gehiago MONDRAGON Health-en.