MONDRAGON Healthek osasun eta zaintza arloko berrikuntza sarituko du TFG-TFM MONDRAGON Sarietan

  • MONDRAGON HEALTH Saria Osasunaren eta Zaintzaren Eraldaketari kategoria berriak osasunaren, arlo soziosanitarioaren eta bioteknologikoaren erronka handiei helduko dieten unibertsitate-proiektuak aitortuko ditu.

MONDRAGON Health lehen aldiz batu da TFG-TFM sarietara, kategoria berri baten sorrerarekin: MONDRAGON HEALTH Saria Osasunaren eta Zaintzaren Eraldaketari. Ekimen honen helburua da irtenbide berritzaileak proposatzen dituen unibertsitate-talentua ikusaraztea eta aitortzea, osasuna, zaintza soziosanitarioak eta bioteknologia bezalako funtsezko esparruetan, sektore horientzako eraldaketa sakoneko une batean.

Pertsonen ongizate globala, gero eta gehiago, esparru sanitarioan eta soziosanitarioan berritzeko gaitasunaren mende dago. Zentzu horretan, MONDRAGON Healthen helburua da zaintzak eta osasunak herritarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, horiek kalitatezko enplegua sortzeko motor ekonomiko bihurtzea. Saria jaso dezaketen lanek honako gai hauek izan beharko dituzte ardatz: biztanleriaren zahartzea, sektorearen digitalizazioa, etxeko arreta edo teknologia mediko aurreratuen garapena.

MONDRAGON Sarien laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta Gradu Amaierako edo Master Amaierako Lana aurkeztu duten ikasleei zuzenduta dago, XXI. mendeko erronka handiekin konprometitutako proposamenak saritzeko. Guztira, 26.250 euro banatuko dira 8 kategorien artean. Horietako bakoitzean 2.500 euroko lehen saria eta 1.250 euroko bigarrena emango dira.

Aitorpen ekonomikoaz gain, finalistek MONDRAGONeko ekosistema kooperatiboarekin konektatzeko jardunaldi batean parte hartzeko aukera izango dute. Topaketa horretan, bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte kooperatiba parte-hartzaileak, haien ildo estrategikoak eta hainbat sektoretako proiektu eraldatzaileen buru diren taldeak, industriatik hasi eta osasuneraino.


Kategoria berri honekin, MONDRAGON Healthek elkarren arteko lankidetza, berrikuntza eta talentu gaztearekin duen konpromisoa berresten du, osasun gizatiarrago, jasangarriago eta berritzaileago baten alde eginez. Lanak aurkezteko deialdia 2025eko irailaren 30era arte egongo da zabalik hemen.