MONDRAGON Healthek osasunaren merkatuan duen presentzia indartu du

Zazpi kooperatibak, Sustapen Zentroarekin eta Korporazioko beste erakunde batzuekin batera, lankidetza dinamikari bultzada berri bat eman diote MONDRAGON Health eta horren jarduera indartzeko, osasunaren eremuan, soziosanitarioan eta bioteknologikoan.

Donostiako Aquariuma aukeratu da MONDRAGON zigilua daraman lankidetza proiektu bat berrabiarazteko, ahaleginak batu, sektorearentzat eskaintza bateratu bat eratu eta osasunaren esparruan eragile garrantzitsu gisa kokatu nahi duena. Hitzordua sektorearen erronkak landu dituen jardunaldi monografiko baten esparruan aurkeztu da; hala nola zahartzea, industria adimentsua eta bioteknologia izan dira mintzagai.

Besteak beste, bertan izan dira Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Jose Luis Quintas, Osasun sailburuordea; Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua; Cristina Uriarte,Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Maria Aguirre,Eusko Jaurlaritzako Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendaria; Jon Gurrutxaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Nazioartekotzeko zuzendaria; Rikardo Bueno, BRTAko zuzendaria, eta Asier Albizu, Basque Health Clusterreko lehendakaria.

MONDRAGON Health, 2009an abian jarritako ekimena, unitate estrategiko korporatibo bat da, osasunaren esparruan garapena bultzatzeko helburua duena. Orain, lankidetza ideia horri beste bultzada bat eman nahi zaio, eta 7 kooperatibak (Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar Homecare, ERREKA, Fagor Healthcare, GSR eta Osarten) eta MONDRAGONeko Sustapen Zentroak parte hartzen dute. Guztira, 1.700 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu, eta salmenta zifra agregatua 120 milioi euro ingurukoa da. Helburu nagusia da osasunaren arloan, soziosanitarioan eta bioteknologikoan negozio eta inbertsio aukerak biderkatzea, osagaien ekoizpenean duen esperientzia handia eta produktu eta zerbitzuen egungo eskaintza zabala abiapuntu hartuta.

_M6A1931.jpg

MONDRAGON Health: produktu eta zerbitzu aukera zabala

  • Ospitaleetarako material suntsikorra, kalitate handikoa, zentro mediko eta ospitaleen eguneroko operatibarako. Espainiako ospitaleen %95etan presente.
  • Farmakoak banatzeko gailuak. 40.000 pazientek baino gehiagok erabiltzen dituzte gure blisterrak. Espainiako farmazia sarean presente.
  • Desfibriladoreak. Nazioartean merkatu zabala duen estatuko fabrikatzaile bakarra.
  • Laguntza zerbitzuak: 32 zentro kudeatuta, 1.700 plaza baino gehiagorekin. Gainera, adinekoentzako eta mendekotasuna duten pertsonentzako etxeko zerbitzuak eta produktuak eskaintzen ditu.
  • Espezialistak ultraizoztuta dauden lagin eta medikamentuen kontserbazioan.
  • Startup ekosistema. Osasunaren inguruko proiektu eta startup teknologiko berrietan inbertitzea (Cocoon, Oroi, Corify, BM2Health…).
  • Analisi kliniko eta toxikologikoen laborategia. Urtean 25.000 analisi baino gehiago egiten dira, eta gure inguruko 23.000 langileren baino gehiagoren osasuna zaintzen laguntzen da. Horrek informazio baliotsua ematen digu osasun-ikerketaren eremuko erakundeekin lankidetzan aritzeko.
  • Prebentzio-, osasun- eta ongizate-kulturari buruzko aholkularitza, gure lurraldeko erakunde aurreratuenei aholkuak emanez eta enpresetan asistentzia-zerbitzu medikoak garatuz.
  • Industrializazioa eta ingeniaritza, osasun proiektuei ekiteko gaitasun eta esperientzia frogatuarekin. Adibidez, sendagai onkologikoak modu seguruan manipulatzeko ekipo robotizatuak fabrikatzea, eta produktu mediko eta farmazia produktuen makina automatikoak, hala nola dialisi iragazkiak, kolostomia poltsak, kateterrak eusteko gailuak edo maskarak.

Osasun jardueren ekosistema

MONDRAGON Health osatzen duten kooperatibek egindako jarduerez gain, ekosistema propioa sortzeko eremu korporatiboa apustu estrategikoa egiten ari da, kanpoko bazkideekin elkarlanean, etorkizuneko teknologia eta negozioetan ezagutza berriak eskuratzera bideratuta. Testuinguru horretan kokatzen dira Sustapen Zentroaren bidez kooperatibekin batera startup teknologikoetan egindako inbertsioak.

Adibiderik berriena Cocoon Bioscience da, teknologia aitzindari eta disruptiboa duen startup bat, proteina eta entzima bioaktiboak azkar eta errentagarritasunez ekoizteko aukera ematen duena osasunaren eta elikaduraren sektoreetako proiektu berritzaileetarako. Planta berria 2024an inauguratzea aurreikusten da, Bizkaiko parke teknologikoan, Zamudion. Proiektu horren bazkideetako bat Columbus Venture Partners da, eta Javier Garcia Cogorro lehendakariak parte hartu du jardunaldian, gure lurraldean aplikatutako bioteknologiari buruzko ikuspegia azaltzeko.

Egindako beste apustuetako bat Oroi da, enpresa teknologiko bat, errealitate birtualean oinarritutako teknologiaren bidez hirugarren adineko pertsonei zerbitzua emateko. Helburua da ongizate emozionala sortzea eta adinekoengan funtzio kognitiboak entrenatzea.

Horrez gain, MONDRAGONek ere parte hartzen du Corify startupean, garatu duen Acorys® dispositiboarekin: bihotzeko arritmien tratamendua hobetzeko bihotzaren mapaketa egiten duen gailu mediko bat da. Acorys® gailuak adimen artifizialeko teknologia erabiltzen du bihotzaren jarduera elektrikoari buruzko datuak analizatzeko eta informazio zehatza emateko. Corify Carek egiten duen mapaketa kardiakoa kirurgiarik gabe egiten da.

Azkenik, BM2Health aipatu behar da, ekimen berri bat, Zainketa Kritikoak – Anestesia eta ZIU –, Bloke Kirurgikoa eta Onkologia arloetan soluzio global eta berritzaileak eskaintzen dituena ospitaleentzat.

Inbertsio horiei Mondragon Unibertsitatearen eskaintza akademikoa gehitu behar zaie, Ingeniaritza Biomedikoko gradua eta Teknologia Biomedikoen master bat barne, izan ere, horrek talentua sortzen eta etorkizuneko arlo horiei buruzko ikerketa eta ezagutza espazio propio bat eratzen laguntzen du.

_M6A1905.jpg

MONDRAGON Health: Industria adimentsua eta “contract manufacturing” edo kontratu bidezko fabrikazioa

Kontratu bidezko fabrikazioa ekoizpenetik haratago doa, babes industrial osoa eskaintzen duelako, ingeniaritza, kalitate kontrol, inbentario kudeaketa eta banaketa zerbitzuak barne, enpresen eragiketak optimizatzea ahalbidetzeko.

MONDRAGON Healtheko kooperatibek, esperientzia zabalarekin, produktuaren diseinua hobetzeko aholkularitza ematen dute, osasun ziurtagiriak eta beste parametro batzuk kontuan hartuta, eta eskala handiko ekoizpena erraztuz.

Kooperatiba horiek produktuaren bizi ziklo osoan laguntza integrala eskaintzen dute, sorkuntzatik merkaturatzeraino. Bere esperientziak, produktuek osasun eta segurtasun estandar zorrotzenak betetzea bermatzeaz gain, ekoizpenaren efizientzia optimizatzen du, kostuak eta entrega denborak murriztuz.

Lankidetzazko eta emaitzetara bideratutako ikuspegi horri esker, enpresa ugarik konfiantza izan dute MONDRAGON Healtheko kooperatibetan, beren produktuen berrikuntza eta kalitatea bultzatzeko. Kooperatibetako adituak beren garapen eta fabrikazio prozesuan txertatzean, erakundeak modu eraginkorrean lehia daitezke merkatu globalean, eta osasunaren sektorean hazkundea eta jasangarritasuna bultzatu.

Argazki bilduma