MONDRAGON Healtheko Aholku Batzordearen lehen bilera
Abian jarri zenetik urtebete igaro ondoren, MONDRAGON Healthek Aholku Batzordearen lehen topaketa antolatu du gaur Otalorako esperientzia kooperatiboaren zentroan, Aretxabaletan, eta bertan izango dira, besteak beste, FENIN (Osasun Teknologiako Enpresen Espainiako Federazioa), Faes Farma, CIC bioGUNE eta BM2 Health enpresak.
MONDRAGON Healthek Korporazioko zortzi kooperatibaren soluzioak eta zerbitzuak batzen ditu osasun arloaren, arlo soziosanitarioaren eta arlo bioteknologikoaren aukerak biderkatzeko. Bexen Cardio, Bexen Medical, Bihar Homecare, Erreka, Fagor Healthcare, GSR, LKS Next eta Osartenek kooperatiben arteko aliantza sortu eta abian jarri zuten orain urtebete, elkarlankidetzaren bidez zerbitzuaren balio erantsia biderkatzeko, osagaien ekoizpenetik hasi eta zerbitzuen eta soluzioen eskaintzaraino. Milaka pertsona enplegatzen dituen aliantza da.
Urratsak ematen ari den apustu sendoa da, eta gaur Otaloran egin da MONDRAGON Healtheko lehenengo Aholku Batzordea, aurtengo gaia izanik Medtech & Farma. Bileran parte hartu dute, besteak beste, MONDRAGON Healtheko zuzendari Hector Olabegogeaskoetxeak eta MONDRAGON Healtheko kooperatiben ordezkariek, Unai Ayala Fernández Mondragon Unibertsitateko I+T Osasun koordinatzaileak lagunduta. Korporaziotik kanpoko pertsonak ere bertaratu dira, hala nola Tatiana Suarez Cortes, Faes Farmatik; Carlos Sisterna Fenin, Espainiako Osasun Teknologiako Enpresen Federaziotik; Donatello Castellana, CIC bioGUNEkoa; eta Anna Pallarès, BM2 health enpresakoa.
MONDRAGON Health eta bere kooperatiben lehen aurkezpen bat eta gero aurkeztu da Kontseilua. Lehenengo saio honetan, Medtech eta Farma gaien inguruan egin dute lan, hainbat gairi buruzko azterketa egiteko bidea emanik, hala nola: merkatuko tendentziak, aurrerapen teknologikoak, aukera berriak eta gailu medikoen esparruan funtsezko edota sortzen ari diren merkatuak; eta sektorearen aukerak eta beharrak, industriaren alorretik.