Antsietatea eta Depresioa lan-eremuan

Psikosoziologiako VI. Jardunaldia

Egungo lan-dinamiken erritmo frenetikoan, antsietatea eta depresioa sektore guztietako langileei eragiten dien erronkak dira. Nahasmendu horiek, noizbait tabu izan zirenak, gaur egungo lan-eremuan eragin nabarmena duten osasun mentaleko arazotzat hartzen dira.

Urriaren 20an Osartenen Psikosoziologiako VI. Jardunaldia egin zen Otaloran (MONDRAGONeko Zuzendaritza eta Kooperatiba Garapenerako Zentroa). Topaketaren helburua antsietate- eta depresio-nahasmenduei buruzko ulermena eta sentsibilizazioa sustatzea zen, baita horiek enpresetan duten eraginari buruzko kontzientzia sortzea eta erakundeen kudeaketatik ikuspegiak aztertzea ere.

Jardunaldian zehar, hainbat adituk euren ezagutzak partekatu zituzten. Inaugurazio saioa Zigor Artamendik (Osarteneko Zuzendari Nagusia) eta Iñigo Calcedok (Osarteneko Antolakuntzako Psikologoa eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Teknikaria) egin zuten. Juan Medrano Albenizek (Osakidetzako mediku psikiatra) antsietateari eta depresioari buruzko hitzaldia eman zuen, alderdi klinikoak, sintomatologia eta prebalentzia jorratuz. Cristina Iruretagoyena (Osarteneko Zerbitzu Medikoko zuzendaria) detekzioan, adierazle erabilgarrietan eta egungo eta etorkizuneko erronketan oinarritu zen. Josune Galánek (Lagun Aroko Ezintasunen arduraduna) absentismoan eta patologia horren kudeaketako erronketan sakondu zuen. Gainera, Ramón San Sebastianek (Maier S.Coop-eko Laneko Medikua) eta Nieves Barahonak (Krean Groupeko Pertsonen Kudeaketako Zuzendaria) esperientziak eta praktika berriak partekatu zituzten. Nerea Garmendiak (LKS-NEXTko Pertsonen Garapenerako aholkularia) lan-inguruneetako laguntza emozional pertsonalizatuaren gaia jorratu zuen. Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko, Narciso Mazasek (Prebentzioko teknikaria eta Ergonomiako espezialista) prebentzio-alderdiak jorratu zituen.

Duela gutxi egindako ikerketen arabera, bost pertsonatik batek antsietate- edo depresio-nahasmendua izango du bere bizitzako uneren batean, eta horietako askok lan-ingurunean egingo diete aurre erronka horiei; beraz, funtsezkoa da sentsibilizazioa areagotzea eta arazo horri aurre egiteko laguntza eskaintzea. Prozesuan funtsezkoa izango da komunikazio-kanalak ezartzea, hala nola, ongizate-programak, osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidea eta lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka sustatuko duen lan-giroa.