GSRk dibertsitate funtzionala ikusarazteko jardunaldia ospatu du Bizkaian
- Kooperatibak erabiltzaileak, profesionalak eta auzokoak bildu zituen Turtziozen (Bizkaia) inklusioari, enpatiari eta pertsona bakoitzaren balioari eskainitako topaketa batean.
- Ekitaldian Piliren, Sopuertako erabiltzailearen, testigantza hunkigarria nabarmendu zen: “Gu zaintzea bizitza zaintzea da, komunitatea eraikitzea da, lehen beldurra zegoen tokian itxaropena ereitea da.”
Joan den urriaren 22an, Turtziozko udalerria (Bizkaia) topagune, emozio eta ikaskuntza partekatuko espazio bihurtu zen. “Dibertsitatean batuta, inklusioak indartuta” lelopean, GSRk, MONDRAGON Healtheko kooperatibak, Dibertsitate Funtzionalaren Urteko Jardunaldia ospatu zuen. Ekitaldi horrek, urtez urte, ezintasunen bat duten eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen errespetua, ikusgarritasuna eta parte-hartzea sustatzen du.
Jardunaldian Bizkaiko eta Gipuzkoako GSR zentroetako erabiltzaileak, kooperatibako profesionalak eta komunitateko auzokoak elkartu ziren, guztiak helburu berarekin: dibertsitatea aberastasun-iturri eta elkarrekiko ikaskuntza gisa aitortzea.
Topaketa hunkitu zuen ahotsa
Jardunaldiaren hasiera bereziki hunkigarria izan zen Sopuertako Zure Etxea egoitzako Pili erabiltzailearen mezuarekin, zeinak sentsibilitatez eta indarrez beteriko diskurtsoa eskaini zien bertaratutakoei.
“Gaur hemen elkartu gara topaketa honetan, dibertsitatea gure indargune handiena dela partekatzeko eta ospatzeko”, hasi zen Pili. Bere testigantzak gai sentikorrak ukitu zituen, hala nola osasun mentaleko nahasmenduekin edo dibertsitate funtzionalarekin batera sarritan doazen barne-sufrimendua, antsietatea, depresioa eta bakardadea.
Mezu indartsua jaurti zuen Pilik: “Buruko osasun-arazo bat edo dibertsitate funtzionala izateak ez digu baliorik kentzen pertsona gisa. Berdinak izaten jarraitzen dugu: ametsekin, sentimenduekin, asko emateko eta jasotzeko gogoarekin.”
“Samurtasunez eta aurreiritzirik gabe begiratzeko” deiak entzutearen, konpainiaren eta, batez ere, ulermenaren beharra nabarmendu zuen, eta adierazi zuen “batzuetan, sendatzen duena ez dela botika bat, baizik eta begirada atsegin bat, hitz zintzo bat edo inor epaitu gabe luzatzen den esku bat”. Bere hitzaldiaren amaiera itxaropenaren omenaldi bat izan zen eta zaintzen dutenei egindako aitorpen bat: “Gu zaintzea bizitza zaintzea da, komunitatea eraikitzea da, lehen beldurra zegoen tokian itxaropena ereitea da. Denok, onartuak, baliotsuak eta maitatuak sentitzea merezi dugulako. Elkarrekin indartsuagoak gara!”


Bizitza erdigunean jartzen duen eredu bat
GSRk 23 urte baino gehiago daramatza zaintza eta laguntza eredu bat ehuntzen, “ikuspegi sakonki gizatiar eta kooperatiboarekin”. Magdalena Peñak, Dibertsitate Funtzionaleko Arreta arloko zuzendariak, azaldu duenez, ikuspegi hori asistentzia baino haratago doa, eta pertsona bakoitzak bere bizi-proiektua erabat gara dezan bilatzen du.
“Laguntza-beharrak dituzten pertsonei laguntzen diegu —adinekoei, desgaitasunen bat dutenei edo osasun mentaleko nahasmenduak dituztenei—, beren bizi-proiektua garatu ahal izan dezaten”, azpimarratu du Peñak. “Errespetuan, duintasunean eta gure balioekiko konpromisoan oinarrituta egiten dugu lan, horiek gidatzen baitute erabaki eta keinu bakoitza.”
Filosofia hori Pertsonan Oinarritutako Arretan (POA) gauzatzen da. Marko horrek pertsona bakoitzaren lehentasunak, historia eta ametsak jartzen ditu arretaren muinean. GSRrentzat, balioak ez dira soilik kontzeptu abstraktuak; arreta pertsonalizatua, goxoa eta profesionala bultzatzen duen motorra dira, zentroak benetan etxe gisa senti daitezen bilatuz.
Gainera, kooperatibak bere eragina instalazioetatik haratago zabaltzen du, jarduten duen eremu bakoitzean “profil anitzeko zaintza-ekosistemak” sortuz, adinekoak, desgaitasuna duten pertsonak eta osasun mentaleko nahasmenduak dutenak espazio seguru eta inklusiboetan integratuz, azken helburua autonomiari, inklusioari eta ongizateari bultzada ematea izanik.
Jardunaldi hau, hain zuzen ere, ikuspegi integratzaile horren adierazpena da. Egun osoan zehar, Turtziosen dibertsitate funtzionalari eta ezintasunari buruzko tailerrak egin ziren, bai eta sorkuntza- eta jolas-jarduerak ere, irisgarritasuna, lankidetza eta elkarrekiko errespetua ardatz hartuta. Lehen pertsonako testigantzetarako ere egon zen tarterik, non erabiltzaileek euren bizipenak eta eguneroko erronkak partekatu zituzten, errealitate desberdinak entzutearen eta ulertzearen garrantzia adieraziz. Inklusioa komunitatean, pausoz pauso eta keinu bakoitzarekin eraikitzen dela gogorarazi zuen eguna izan zen.
Ezagutu osasunaren arloko eta arlo bioteknologikoko eta soziosanitarioko irtenbide berritzaile gehiago MONDRAGON Health-en.