MONDRAGON Health Cocoon bioteknologikoaren planta berriaren inaugurazioan izan da
- Enpresa proiektu berriak MONDRAGON Korporazioaren eta MONDRAGON Health aliantzako kooperatiba den Bexen Medicalen babesa du.
- Munduan proteina birkonbinatzaileak egiten dituen lehen planta industriala da, krisalida formako intsektuak kostu txikiko biorreaktore natural gisa erabiliz.
Cocoon Bioscience enpresaren planta berria inauguratu da Bizkaiko Parke Teknologiko eta Zientifikoan. Proteina birkonbinatzaileen fabrikazioan espezializatuta dagoen enpresa bioteknologikoa da eta enpresa proiektu berri honek MONDRAGON Health-en parte den Bexen Medicalen eta MONDRAGON Korporazioaren babesa du. Inaugurazio ekitaldian izan dira biak.
2022ko irailean sortuatako enpresak munduan bakarra den teknologia erabiltzen du: plataforma automatizatu bat, bere krisalida-egoeran dauden intsektuak erabiltzen dituena eraginkortasun handiko eta kostu txikiko biorreaktore natural gisa. Metodo hori naturalagoa, eskalagarriagoa eta eskuragarriagoa da bakterioekin egindako hartzidura-metodo tradizionalarekin alderatuta, altzairu herdoilgaitzezko biorreaktoreak erabiltzen baitira metodo horretan.
Mugarri garrantzitsua da, ez soilik maila bioteknologikoan, baita eskala sozialean ere, Cocoonen proteina errekonbinatzaileak alternatiba eraginkorra eta ekonomikoki bideragarria baitira mRNA terapia eta txertoen industria hasiberriari, sekuentziazio genikoari eta haragi landuari erreaktiboak emateko.
“Coocon bezalako terapia aurreratuetan aitzindaria den enpresa baten parte izateak sektoreko enpresa batek aurre egin beharreko beharrak, erronkak eta zailtasunak ulertzen laguntzen digu, eta gure kooperatibatik erantzuna ematen saiatzen, bai produktuari dagokionez, bai zerbitzuari dagokionez”, azpimarratu du Manuel Sánchez-Lagarejo Bexen Medicaleko zuzendari nagusiak. Pello Rodriguez Zabaleta MONDRAGON Corporationeko presidentea ere egon da inaugurazio-ekitaldian, eta nabarmendu duenez, “biosciencearen sektore berri honetan ikasteko apustua da laguntza hori, gero gauza berriak egiteko”.
Joshua Robinson Cocoon Bioscieneko CEOak “MONDRAGON eta Bexen Medicalekin lan egiteaz harro” dagoela aitortu du. “Instalazioak eraikitzen eta gure bezeroentzat behar dugun kalitate maila altua mantentzen lagundu digute”. Gainera, bi erakundeek inbertitzaile gisa enpresari eskaini dioten laguntza azpimarratu nahi izan du, “ordenagailu batean aurkezpen bat besterik ez ginenean gugan sinetsita eta gaur egun instalazio hori egiten laguntzeagatik”.
Alternatiba naturala, eraginkorra eta irisgarria
Osasun-arloari gagozkiola, horrelako terapietarako sarbidea demokratizatzea da Cocoon Bioscience enpresaren helburua, lehengaiarekin lotutako kostuak % 90eraino murriztuta. Biztanleria zigortzen duten gaixotasun infekziosoei aurre egin behar dieten garapen- bidean dauden herrialdeei terapia horiek lortzeko aukera emango lieke horrek. Bestalde, landutako haragia alternatiba jasangarria da munduko elikaduraren etorkizunerako. Planetan 9.000 milioi pertsona izango direla kalkulatzen da 2075. urterako, eta ezinezkoa izango da orduan elikagaiak modu tradizionalean produzitzea. Gainera, gaur egungo abere-produkzioak rol garrantzitsua du planetaren berotze globalean abereek sortutako metanoa dela eta. Landutako haragiak soluzio jasangarri bat eskaintzen du eta animalia-jatorriko haragia jatearekin lotutako gaixotasunak desagerrarazi ahalko lituzke.